Leído en GARA
Arlo ugaritako 20 eragilek LABek eta ELAk Pasaiako kanpo portuaren aurka aurkeztutako proposamenarekin bat egin dute. Horretarako, sinadura bilketa bat jarri dute abian. Ekimenaren helburua Ingurumen Ministeriora herritarren errefusa helaraztea da.
LAB, ELA, ENHE, ESK, ezker abertzalea, Aralar, Eusko Alkartasuna, Ezker Batua, Alternatiba, Berdeak, Antikapitalistak, Zutik Oarsoaldea, Ezker Soberanista Eraikitzen, Ekologistak Martxan, Eguzki, Haritzalde, WWF Adena, Mutriku Natur Taldea, Club Vasco de Camping eta Itsas Mendi elkarteko ordezkariak bildu ziren atzo Pasaiako portuan. Eragileok LABek eta ELAk Lezoko eta Pasaiako alkatetzekin ekainaren 23an aurkeztutako proposamena babesteko elkartu ziren.
Jaizkibel Bizirik talde ekologistako ordezkariak, Ainhoa Olaizolak, sinadura bilketa beste ekimen askoren lehenengoa izango dela aurreratu zuen, baita eragile bakoitzak bere kabuz ahal duena egingo duela proiektuari ezezko zabala erakusteko. Sinadura bilketa LABek eta ELAk egindako proposamena Ingurumen Ministeriora eta beste instituzioetara iristeko egingo dute. Eragile interesatuez gain, herritarrek ere kanpo portuaren «proiektu tamalgarri eta zentzugabearekin» ados ez daudela azaldu beharra dutela nabarmendu zuen. Ez hori bakarrik, portuarekiko errefusa erabaki gune guztietara eramatea garrantzitsua dela esan zuen Jaizkibel Bizirikeko ordezkariak bildutako eragile guztien izenean.
Proposamenaren arabera, kanpo portua egitearen ordezko alternatiba bat egon badago: inbertsioak eta esfortzuak egungo portua modernizatzera zuzentzea, betiere lurraren ustiapenean eta baliabideen gehikuntzan beharrezko hobekuntzak eginez. Kutsadura deuseztatu eta merkantzien trafikoa hobetzeko ahaleginak egitea ere eskatzen du proposamenak. Horrez gain, 20 eragileek Jaizkibelgo balore naturalak eta itsasbazterra kontserbatzea eskatzen diete erakundeei, Donostia eta Biarritz arteko itsas korridore ekologikoaren parte delako ingurunea.
LAB eta ELAren proposamena
Proposamenaren aldeko eragileek sinadurak eskatzeko arrazoiak eman zituzten atzo. Hasteko, kanpo portua eraikiz gero Natura 2000 sareak babestutako Jaizkibel mendiko paisaia, itsaslabar eta itsasertzak suntsituko direla nabarmendu zuten.
Bestalde, diru publikoaren neurriz kanpoko xahutzea suposatuko lukeela uste dute, kaiak ez duelako lanposturik sortuko. Gainera, Oarsoaldean azpiegitura berri ugari sortuko lirateke (sarbideak, plataformak, eta abar), portuaren eragina Gipuzkoan zehar hedatuz. Azkenik, eragileek uste dute kanpo portuaren berehalako alternatiba Pasaiako portua eraberritzea dela, dagoen espazioa ondo baliatuz eta Bilboko zein Baionako portuekin elkarlanean jardunez.
No hay comentarios:
Publicar un comentario