domingo, 23 de enero de 2011

Baztanek etorkizuna baduela aldarrikatu dute ehunka lagunek

ELA, LAB eta EHNE sindikatuen deialdiari erantzunez, manifestazio jendetsua egin zuten atzo Baztaneko herritarrek Elizondoko kaleetan zehar, eskualde horrek etorkizuna baduela argi adierazteko, eta krisiaren eraginak langileria ordaintzen ari dela salatzeko. Administrazioaren eta enpresaburuen jarrera ere gogor kritikatu zuten, izan ere, Nafarroako Gobernua enpresen administrazio kontseiluetako «adar bat» baino ez dela uste dute ekimenaren bultzatzaileek.

 GARA-tik hartuta

http://www.gara.net/paperezkoa/20110123/244595/eu/Baztanek-etorkizuna-baduela-aldarrikatu-dute-ehunka-lagunek

Baztanek etorkizuna baduela aldarrikatzeko eta etorkizun hori bermatzearren Nafarroako Gobernuak ez duela ezer egiten salatzeko manifestazio jendetsua egin zuten atzo Elizondon, ELAk, LABek eta EHNEk deituta.

Krisiaren ondorioak langileak ordaintzen ari direla salatu zuten mobilizazioa deitu zuten sindikatuek, eta enpleguaren defentsan azken urteetan egindako ekimenak gogora ekarri ostean, nabarmendu zuten gaur egun 1.140 lagun daudela Doneztebeko INEM-en zerrendetan izena emanda, duela urtebete baino %8,3 gehiago. Ildo horretatik, bi urtean eskualdeko langabezia tasa bikoiztu egin dela azaldu zuten, kontuan hartu gabe enplegua erregulatzeko espedienteak (EEE) pairatzen ari diren 2.000 langileak.

Finantza sektorearen «diru goseak» sortutako krisi honetan, administrazioak eta enpresariek bere ondorioak mugatzeko askoz gehiago egin zezaketela adierazi zuten, eta «susmagarria» dela Nafarroan aurkezten diren EEE-n %98 Gobernuak onartzea, akordio sindikala egon edo ez.

«Nafarroako Gobernua praktikan enpresen administrazio kontseiluen beste adar bat da, eta ez du inolako arazorik kaleratze kolektiboak sinatzeko» salatu zuten sindikatuek manifestazioaren deialdia egitean, Funveran, Saveran eta Marmoles del Baztan enpresetan jazotakoa gogora ekarriz.

Nekazaritza sektoreak bizi duen krisia ere «larria» dela azaldu zuten, «lehengaien espekulazioak eta ekoizteko betebehar zorrotzek» ekoizpen gastua garestitu dutela nabarmenduz. Gainera, nekazariak bere produktuen prezioak finkatzeko gaitasuna erabat galdu duela, eta «auskalo nola ekoiztutako» inportatutako produktuekin lehiatu behar duela adierazi zuten. «Europako nekazaritza politika ez da hemengo mendi aldeko baserrien babesle, enpresa multinazionalen eta esportaziorako ekoizle handien laguntzaile baizik», kritikatu zuten.

Alde horretatik, Miguel Sanzek zuzentzen duen Gobernuari, nekazaritzaren izenean, dirua «porlanean bota edo lagunen artean banatu» izana aurpegiratu zioten manifestariek. Horrek guztiak, gainera, eskualdean lanpostuen galera, herrien hustuketa eta «herri batentzat hain garrantzitsua den elikagai-burujabetzaren galera» ekarri duela ondorioztatu zuten.

«Lapurreta» pentsiodunei

Testuinguru horretan, eta finantza sektoreari milaka milioi euro eman dizkiotela aipatu ostean, Gobernuak onartutako «lan-erreforma basatia» deitoratu zuten, eta gainera horren ostean pentsiodunei «inoiz ikusi gabeko lapurreta» egin nahi dietela salatu zuten.

«Esaten dute merkatuek agintzen dutela, baina guk badakigu hori ez dela horrela, eta 2035eko pentsioek ez dutela zerikusirik mugimendu espekulatibo hauekin» adierazi zuten, gaineratuz pentsioen erreforma honek «azalpen bakarra» duela: «banketxeen interesa pentsio plan pribatuetan».

Aipatutako guztiagatik, eta Baztan «bizitzarik eta lanik gabeko paraje bukoliko bat izatera daraman langabeziaren espiraletik» atera behar dutela irizten diotelako atera ziren atzo Elizondoko kaleetara eskualdeko ehunka lagun. Baztanek eta bertako herritarrek etorkizuna izan badutela aldarrikatzeko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario