Zuriñe ETXEBERRIA
Jada 30 urte pasa badira ere, protestaren helburua berdina da oraindik ere: Garoñako zentral nuklearrarekin behin betiko bukatzea. Urteroko ohitura jarraituz, atzokoan 500 lagun inguru bildu ziren 30. martxari kolorea eta giroa emateko. Burgoseko Barcina del Barco herritik -zentraletik bi kilometro eskasera- abiatu zen Garoñaren aurkako talde ekologistak biltzen dituen koordinakundeak antolatutako manifestazioa.
Eguerdiko hamabi eta erdiak jota zirela hasi zen martxa «Luzapenik ez, Garoña itxi orain» lelopean. Ibilbide osoan zehar, Elektrotuna taldea arduratu zen giroa alaitzeaz. Espainiar Gobernuko presidente Jose Luis Rodriguez Zapateroren txotxongiloa ere Elektrotunaren doinuekin dantzan ibili zen, ondoan, «Ibertrola» eta Endesaren rola hartu zuten beste bi lagun zituela.
Zapateroren aurkako kritikek leku handia izan zuten atzoko martxan. Izan ere, duela gutxiko kontua da Garoñari emandako luzapenarena. Bildutakoek «gezurti» oihukatu zioten Zapaterori, hauteskundetan behin eta berriz hitz eman baitzuen Garoña itxiko zuela. Zapaterori beste mezu bat ere helarazi zioten: Garoñako planta hain segurutzat badu, «bere etxeko lorategian» jar dezala.
Zentral nuklearraren inguruak guardia zibilez josita izan ziren. Lurretik, airetik eta uretatik egin zituzten zaintza lanak. Garoñaren ateen parean martxa gelditu eta komunikatua irakurri aurretik, Valentina Mijangos Frias herriko zinegotziak hartu zuen hitza herritarren izenean.
Komunikabideek Garoñako gaiari eman dioten trataerarekin «haserre» agertu zen Mijangos. Hala, komunikabideek «errealitatetik urrun» diren kontuak idatzi eta esaten dituztela salatu zuen. Adibidez, behin eta berriz Burgoseko plantan 1.000 behargin inguruk lan egiten dutela esan den arren, benetan 330 langile direla argitu zuen Friaseko zinegotziak. Gainera, argitu zuenez, horietatik 30 bakarrik dira inguruko herrietakoak.
Ondoren, Alfonso Ribote antolatzaileen bozeramaileak mikrofonoa hartu eta komunikatua irakurri zuen. Luzapenaren erabakia kritikatzeaz gain, zentralak Estatu espainiarreko argindarraren %1,35 soilik ekoizten duela gogorarazi zuen Ribotek. «Garoña zaharkituta dago, arriskutsua da eta ez da beharrezkoa», nabarmendu zuen.
Plantaren eragin «txikia»
Garoñako jabe den eta Endesa eta Iberdrolak erdibana osatzen duten Nuclenor enpresak ere presente egon nahi izan zuen zentral nuklearraren aurkako 30. martxan. Hala, eguerdian prentsa agiri bat zabaldu zuen lau haizetara.
Nuclenorren arabera, zentral nuklearrak ingurugiroan suposatzen duen eragin erradiologikoa «txikia da, ez da aintzat hartzekoa». Nuclenor enpresak dioenez, Garoña 1970. urtean martxan jarri zenetik 77.000 lagin hartu dituzte eta, egindako analisiek erakusten dutenez, «zentralaren eragina ez da hautemangarria». Zentral nuklearraren jabe den Nuclenor, gainera, martxari garrantzia kentzen saiatu zen. Hala, antolatzaileek ekitaldian 500 lagunek parte hartu zutela adierazi zuten bitartean, Nuclenorrek bidalitako prentsa agirian soilik 350 pertsona izan zirela esaten da.
No hay comentarios:
Publicar un comentario