Langileontzat hain gogorra den testuinguruan burutuko dugularik aurtengo Maiatzaren Lehena, LABetik langileon mobilizazioak eta borrokak duen garrantzia azpimarratu nahi dugu, hor baitago, zalantzarik gabe, gauzak aldatzeko gakoetako bat. Langileoi ez dizkigute gure eskubideak oparitu, borrokaren bidez eskuratu izan ditugu, belaunaldiz belaunaldi gaurdaino eman den borrokari esker. Bizi dugun krisiaz baliatuz gure eskubideak murriztu eta kendu nahi dizkiguten honetan, borroka egiteak bakarrik galeraziko du patronalak eta instituzioek erabaki horretan urratsak ematea.
Krisiak markatuta dator larunbateko eguna, baina badago Euskal Herrian indartzen eta gorpuzten ari den beste erreferentzia bat: behar beharrezkoa dugun aldaketa politikorako egin behar dugun bidea jorratzeko Ezker Abertzaleak hartutako iniziatiba, eta emandako urratsen ondorioz irekitzen ari den aukera berria. Aldaketa politikoa burutzea ezinbestekoa da langileok gure aldarrikapenetan aurrera urrats erabakigarriak emateko, Euskal Herriaren etorkizunaz erabakitzeko ahalmena edukitzeak emango baitigu zer nolako eredu ekonomiko eta soziala nahi dugun erabakitzeko aukera. Halaber, aipatu bidea prozesu demokratiko baten bidez burutzeak, herritarron ekimenez eta erabakiz burutzeak langileoi prozesu horretan protagonistak izateko aukera eta bidea eskeintzen digu eta horrek berebiziko garrantzia du, ezer gutxi espero dugulako gaur gaurkoz instituzioetan betikotzea beste helbururik ez duen klase politikoarengadik.
Krisia salatzeko, krisiaren atzean dauden politikak aldatu behar direla aldarrikatzeko eta patronalak gure eskubideak indargabetzeko duen helburuari aurre egiteko eguna izango da Maiatzaren Lehena LABentzat. Baita guztion artean bultzatu eta jorratu behar dugun prozesu demokratikoari begira iniziatibak hartzen jarraitu behar dugula aldarrikatzeko ere.
Euskal Herrian, 2010eko apirilaren 29an
No hay comentarios:
Publicar un comentario